XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kontu-Kontari

Beldurrak aidean geundela oraintxe goizeroko egunekoa zabaltzeko, nion aurreko batenan.

Izan ere, besterik esan ote diteke, irakurtzen diranak irakurrita?

Aspaldiko esaera zar bat da, sua ta ura belaunez beera dirala onak, diona.

Bazekian zerbait ori esan zuanak: ondo probatua egongo zan, iñolaz ere, Euskalerrian, oraingoz ixil xamar bagabiltz ere, aundiak dira Españiako lurralde askotan azkenaldi onetan egiten ari dan kalte ta pikardiak.

Aberastasun ikaragarriak, su zakarrak eramaten dituanak.

Zer esango zenduteke propio, beste egitekorik gabe, su oiek pizten dabiltzan pertsonetaz?

Pekatuan arrapatu ezkero, zer zigor eman alakoei?

Sinisteak ere lanak ditu, orretara jarri litezkela.

Iñor iltzera edo baitzera jartzen diran bezela.

Onetaz jabetzeko, eztaukagu etxetik urruti joan beharrik, zorigaitzez.

Griña ori duanari, berdin zaio basoak erre, edo gizonak il edo baitu.

Orretan gozatzen du, ta ezin da bizi bere zaletasunik bete gabe.

Arrantzale itxuak arrantzara jotzen du al duan guztian, eta eiztari itzuak eizera, ta moskorrak edarira.

Lengo eziñak naikoa eztira, geu asten bagera geure aberastasunak ezerezten, ederki gaude

Etorkizun zoragarria gurea!.

Ederra guztiz, ematen ari geran ikaspidea!

Orrela jantziko ditugu galtza berriak!

Makiñatxo bat ikusten da gaur
negarrez eta malkotan,
gizonen etsai biurriena
gizona baita prankotan.
Probintzi askok aberastasun
ederra zuten basotan,
erre dira-ta, pekatariak,
gizon petralak askotan.
Baso-mendiak desertu egin,
au eztago ukatzerik,
urte batzutan aiek eztago
lengo moduan jartzerik.
Garbi dago-ta, guk eztaukagu
pekatu au ixiltzerik,
gaiztakerian eztagoala
gizona menderatzerik.